“Pandemia”: nola ez ba?

[Hona hemen Iñaki Segurolaren testua, Independenteatik hartu diNadana eta aurretik, abenduak bian Urola Kostako Hitzan argitaratu zena


“Pandemia”: nola ez ba?


A gripearen iruzur kosmikoan, 2009an, hitzari definizioa aldatu ziotelako da 2020 urte hau pandemikoa. Ordu arte, hilkortasun esanguratsua behar zen pandemia bat deklaratzeko; orduz geroztik, ez.


Aurtengo urtea berehala sartu da Historian. Hitz bat eskatzen zait urtea definituko duena, eta hasieratik Historia egindako urte moduan agertzen zait 2020ko hau. Hain historikoa, definitua eta autodefinitua, non bizitzea ia ezindu egin baitzaigu, lehenaz gainera.

Hitz definitzaile bat eskatzen zait. Ez dago eskatu beharrik. Emana dago. Hitz hori “pandemia” da. Pandemia bizi izan dugun urtea da hau. Pandemia asmatu diguten urtea da. “Asmatu”? Badakit: hola jarduteak negazionismo eta ernegazionismo konspiranoikoan kokatzen nau, baina ni, izatekotan ere, “dudazionista” naiz, baina hiztegigilea ere banaiz, edo izan naiz, eta urte hau pandemikoa da arrazoi bakar bategatik: 2009an, A gripearen iruzur kosmikoan, “pandemia” hitzari definizioa aldatu ziotelako horretarako eskua zutenek. Ordu arte, “hilkortasun esanguratsua” behar zen pandemia bat deklaratzeko; orduz geroztik, ez. Hildako bakarrarekin aski izango zen. Autopsiarik gabeko bakar batekin. Horrela zabaldu zen izu pandemikoa mundura, eta hasieratik gizendutako izu horren ondorioak izugarriak izan dira. Ez dago jakiterik zer izango zen pandemia jende-lotzaile, ingresatzaile eta botikatzaile zoro bat egikaritu izan ez balitz era militarista batean; gertatzen ari zena pandemia super-hiltzaile gisa hartu ez balitz hasiera-hasieratik; eta hainbeste jende “heriotzara kondenatua” sentitu ez balitz. Ez dago jakiterik. Ez dakit. Dudazionismoa da hori. Dudarik ez dagoena da aldaketa egin zutenek bazekitela zer komeni zitzaion munduari.

Urte honek bizia aldatu digu. Arrazoi ofizialaren arabera, birus bat da gorabehera guztia. Guk ez dugu birus hori ikusi (hedabideetako karikatura koroaduna aparte lagata), eta ezin dezakegu ezer esan, baina Han Goian egindako definizio aldaketa batek ekarri duena ikusi dugu, pairatu dugu eta politika instituzional osoaren onespenarekin aurrera egiten ikusi dugu.

Honaino 2020koa. Gehitzeko esan didate hemen 2021eko eskakizunak, eta datorren urteari eskatzen diot Historiatik ateratzea. Izu pandemikoaren maskara eraztea. Geure izuarekin eta geure eromenarekin eta geure hiltzeko beldur propioarekin bizitzera itzultzea, dena dakitenek eta asko dezaketenek ezarritako definizioetatik libre.

Urte berri on. Bizi guztian 2020 honetan katigatuta gelditzeko arriskua daukagu, eta badaezpada berriro: urte BERRI on.

  

Bakoitza da bere unibertso propioa / egile ezezaguna

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat